
ARITZ ARREGI

ILARGI MAITE
Gaueko iluntasunarekin bat azalaratu ziren beldurrak.
Argi apurrik bada,
ilargiak toki bat bilatu nahian diharduelako
hiri honetako bihotz bakartiak babestu asmoz.
Zeruan ezkutatzen diren ulertezinak
ekarri zizkidan gogora.
Ilargia behatuz,
begi goibel bi topatu nituen niri so.
Ez zen hitzik,
saminek betetzen zuten nonbait bere gorpua.
Argia eman nahian ateratzen da gauero,
- ez zenekien?
Iluntasunak eskutik helduta dakar argi printza.
Datorren gisan urruntzen da baina,
oroitzapenarekin jolasean.
Hor izango nauzu topatu nahi nauzunero,
itzuliko naiz, -dio.
Hodeiak azaldu ziren gure paradisuan,
hodei madarikatuak,
eta elkarrengandik urrundu gintuzten
arima gabeko grisek.
Gure artean sartu ziren.
Jakin bagenekien,
elkar pentsatzen genuen uneak bazirela
nahiz eta ez ikusi, ez sentitu.
Harrezkero,
bizitzaren obra honetan antzezten dihardut
ulertezina zaidan egoera.
Barruan ditut esan gabeak,
baina orduan ilargiak zera aitortu dit;
inoiz ihes egingo dut zure besoetara,
ulertezinak diren hitzak
sentitutako ekintzetan bihur daitezen.