
ARITZ ARREGI

ITURBURUA
Hotz egiten du beroa behar lukeen tokian.
Ez da harritzekoa, izan ere, berezkoak diren fenomeno metereolojikoek ere eurekin dakarte bizipen hori. Denak du itzaletik, eta egunik argienak ere gaua izaten amaituko du, eguzkiak islada dakarren gisan.
Donostia. 2010eko Abuztuaren 25a. 37ºko sargoria. Gorputzak saminak ustutzen diardu, deslai, beharrezkoa ez duen hori izerdi moduan kanporatuz. Itsasondoko kresalak bankuan eserita dagoen agurearen ile apurrak nahasten ditu. Betaurreko haien azpian begirada umel bat, azaldu ezinezko bizipen eta frustrazioek osaturiko soka korapilatsua. Hainbat ilusio gordetako azal zimurtua, tatuatuta gelditutako pasarteen moduan.
Lepoan zintzilikarutik urre koloreko gurutzea. Izate ahal guztidunaren sinesmenean oineztatutako pausoak egin zituen nonbait. Herio eta heriotz, jaio eta hilotz, bizitzen ikasi eta hiltzen ikusitako izana. Izen abizenak soinean. Bizkar-zorroa jarlekuan du pausatua. Bizitzak emanandako pisua hor darama, hara eta hona, kendu ezinean.
Begirada galdua infiniturutz. Galdera guzti haien erantzuna nonbait zeruertzean ezkutatzen zen.
Jainko baten sinesmenak aurrera egiteko kemena eskeintzen dio. Guztiok behar dugu agortezina den iturburu hori. Gaurdaino baina, nik ez dut berau ezagutu eta horrek erantzuna eman dit. Gu geu gara behar duguna, eta norberak bere buruan sinistu ezean ezingo du nahi duen hori izan. Gura duena lortu.
Orduan, nire kezka guztiak itsasora jaurtiki eta bertan ito daitezela - pentsatu nuen. Berauen pisuak hondoratzea ahalbideratuko luke, baina mingostasun hutsak itsas azalera atera zitezkeen eta orduan inork galdetuko al zuen min haien zergaitiez?