
ARITZ ARREGI

FLEXOAREN ARGITZALEAN
Bidaiariok,
ongi etorri ameslarien asanbleara.
Maiz,
esatera iritsi ez garen ilusioez blaitzen dugu egongela ilun hau.
Barruan dugun argi printza erakutsi nahi diogu bizitzari,
eta baietz esan,
sinestu egiten dugula egiten dugun hontan.
Eta orduan, sentsazio kilikagarri baten zirrara nabarmentzen dugula gorputzean zehar.
Bidean aurrera egitera eraman beharko gintuzkeen bera.
Hitza hartzera noa izan daitekeenaren bilkuran,
eta nere lehen hitzekin dator nire lehen aitorpena ere.
Flexo baten argitzaletan idazten ditudala nire ametsak.
Denborak aurrera egin ahala zapuzten joan ohi direnak.
Eta azaldu nahian nabil,
bizitzak larrosa baten pare jar dakigukela.
Bere edertasunak ez digula zertan oparotasunaren eta gozamenaren bidea soilik ezagutzera eramango.
Larrosen gisan,
bizitzako gauzarik garrantzitsuena,
momentu oro aurkezten diren egoerei nondik heltzen jakiten asmatzea dela kontua.
Eta orduan,
jasatera iritsi gintezkeen urraduren inguruko eztabaida sortu zen pareta ilun haien barnean.
Eta nik zera nioen,
berretsiz.
Urradura fisikoak denborarekin batera berreraikitzen direla.
Baina larrosa nondik hartu asmatu ezinik ibili ez gero,
konturatzerako zimelduta dagoenaz ohar zintezkeela.
Eta orduan dena dela hutsune, samin, eta hotz.