
ARITZ ARREGI

ANTZOKIA ZIRUDIEN
Aulki hutsa.
Begirada galdua.
Ahitutako aurpegi bat.
Pentsamendu jarraituak eta ikusezina den mailu bat bihotza etengabe joz.
Errealitate subjektiboaren berrespenaren ondoren izan nuen sentsazio hura deskribatzea ez da hain erraza, hain soila.
Ur-putzu bat imajinatzen dut. Estatiko.
Halabeharrezko heriotza sinatzeko egunsentiari itxaronez,
hautsitako ametsen hirian.
Frustrazioen plazan.
Mingostasunen kalean.
Inork ez du begiradekin distantzia neurtzen, ez eta nahiak denborarekin.
Ez naiz sekula gaur bezain aktore ona sentitu.
Sentsazioek eta egintzek barruko ahotsaren aurkako gerran aitortutako burua islatzen dute.
Lehen begiratuan zentzugabea eta paranoikoa dirudien gudua, inolaz ere irreala ez dena, (nire berezko errealitatean).
Horrela da, zure izenak igotzeari beldurra diodan agertokiko atea irekitzen duen bakoitzean urduritasun bizia sorrarazten dit.
Ikusleak zain dihardute emanaldia noiz hasiko, hondoko musikak unea girotzen duen bitartean. Parentesia irekitzen da. Ez naiz ausartzen. Itzul nadin emanaldira. Ezin naiz hain koldarra izan.
Azkenik leiho unibertsalen oihala ireki da, egintza bakoitzaren hautemate indibidualeko lehiatila.
Paretak nire silueta iluna islatzen du lateralki zergatiaz ez dakiten kuriositatedunak hatz batekin seinalatuz.
Hautsitako ilusioez eta hitz ganduez hitz egin dezagun.
Urrunera bidea erakusten duen behatzaz eta gure izatera zuzentzen diren beste hiruez.
Izan zitekeenaz eta izan ez zenaz. Eskatutakoaz eta eskainigabeaz. Zeuk egin ezazu eta neuk ikusiko dut ondoren-aren jarreraz.
Ortzimugan elkartzera heltzen diren bi bide paralelo eta erabat desberdinak.
Zergaitien eta ahanzturaren mundua da.
Desira eta gorrotoena.
Itzultzeko joatea eskatzen digun mundua.